2014(e)ko ekainaren 1(a), igandea

Auzolandegiak 2014 - Iaz hasitakoa sakonduz

Auzolandegiak 2014 - Iaz hasitakoa sakonduz
(Lemoako Atxubieta Aldizkaria http://www.lemoa.net/eu-ES/Baliabideak/Atxubieta-Aldizkaria/Atxubieta%202014/Lemoa_Aldizkaria%20maiatza%202014.pdf )


2014ko Auzolandegietan, orain arte aurkitutako lubakien mantenuaz gain, berrietan ere egingo da lana. Iaz, espero zirenak baino gehiago agertu ziren eta.

2014ko Auzolandegietan lubakietan zentratuko da lana gehienbat, aurreko urtean aztertu zen gunea garbitu eta gero, espero zirenak baino lubaki gehiago agertu baitziren. Udalaren eta “Lemoatx 1937” batzorde herrikoiaren ustetan, aurkikuntza honek, herriarentzat eragin eta garrantzi gehiago eduki dezake. Horregatik, aurkitutako lubakien mantenua egiteaz gain, beste gune berri baten azterketari ekin nahi zaio.

Eremu berria, aurreko gunearen ja rraipena da, pare-parean daude. Lemoatx lubakiz inguratuta dago eta apurka gehienak ateratzea da helburua, horretarako puntu desberdinetan induskatu beharrean aurkitutako lubakietan egingo da jarraipena.
Azken 76 urte hauetan, naturak guztiz estali ditu lubakiak baina argazkian marraztuta ikusten den moduan, azaleko ikusketa bat egin daiteke.

1937ko maiatzean eta ekainean bataila gogorra izan zen Lemoatxen eta horren zenbait lekukotasun fisiko aurki ditzakegu: batailan hildakoen gorpuak, bonben eta gainerako armamentuaren hondarrak, lubakiak, etab. Auzolandegietan lubakien parte bat berreskuratuko da eta gailurreko baseliza  zaharberrituko da. Gerra zibilaren ondoren eraikitako baseliza eta gurutzea bando faxistaren sinbolo eta gurtzako toki gisa eraiki ziren. Gaur egun, baseliza ez da gurtzarako erabiltzen eta oso egoera txarrean dago. Eraikina atondu eta garbituko da, esanahi ideologikoa aldatuz eta aterpe publiko bihurtuz.

Aranzadi Zientzia Elkartea, indusketaren arduradun

Lanak aurrera eraman ahal izateko eta dena behar den moduan ateratzeko, beharrezkoa da, auzolaneko pertsonez gain, gaiaz aditua den pertsona baten presentzia. Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikari bat izango da indusketaren zuzendaria eta aldi berean, bertara hurbiltzen den pertsona edo talderen antolatzailea. Honetaz gain, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskuetan geratuko da 20 egun hauetako dokumentazioa eta lan erregistroaren erredakzioa.

METODOLOGIA: Sasiak garbitzeko makina pasatu eta gaineko azala garbitu nahi da. Ondoren, aitzur, pala eta pikotxak erabiliz, jausi eta mugitutako harriak eta lurra zuloetatik aterako dira. Behin lubakien zoru errealera helduta, paletena eta erratz buruak eskuan hartuta, indusketa lan zehatz eta delikatuetara joko da bertan agertuko den materiala ahalik eta gutxien hondatzeko.